PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      5- "Estatu erantzunkizuna" gardentasun demokratikoaren gainetik. Konstituzioaren nazionalismo espainiarra.

      1977ko ekainaren 15eko hauteskundeen ondotik zabaltzen den epe konstituziogilea abiadura ikaragarrian garatzen da. Aurretik atzera kontuak atereaz, urte eta erdiko epean estatuaren egituraketa politiko orokorra arautzen duen testuaren inguruko erreferenduma antolatzen da, baina kasu!, azken urrats formal hori baino lehen.... 1978ko apirilerako aurre-egitasmoa publikoa zen, urtarrilaren 5ean Gorteetako boletinak aurreneko zirriborroa kaleratu zuten eta, 1977ko azaroan "Cuadernos para el diálogo" aldizkari sozialistak konstituzioaren ildo nagusiak jakitera eman zituzten. Honi guztiari gehitzen badiogu epe konstituziogile osoan zehar PSOEk eta UCDk gai nagusien inguruan mantendutako hitzarmen sendoa eta zabala, ondorioztatu dezakegu konstituzioaren pertzekoa jada egosita zegola 1977ko udazkena aurretik (aurki lehenagotik ere). Hauteskunde aurretik PSOE eta UCDko buruen artean izandako negoziazio saio trinkoak, sozialisten norabide politikoaren aldaketaren zantzu nabarmenak, zubi-elkarteen lan trinkoa zein diru iturrien ugalketa, telebistetan izandako agerpenak edo PSOEko buruzagitzaren legez kanpoko autokolpea, elkarrekin harreman zuzena duten mugimendu sakonak denak, bidea prestu utzi zuten geroko epe konstituziogilea azkarra eta funtsean istilurik gabea izan zedin.

      Erregimenaren zuzendaritza, UCD eta PSOEko buruzagien arteko batasun taktiko-konstituziogileak PSOEren politika osoan eragin zuen eta, aurrerago esan duguna berriro ere gogora ekarriz, osotasun horren baitan aztertu behar da estatuaren antolaketan biziki garrantzitsua izango den lurralde antolaketaren gaia. Osotasunaren beste atal esanguratsuenak dira Gonzálezen "ez da inongo ukapenik egongo" haren atalez ataleko gauzapen antitetikoa: militarren eragin presioaren onarpena, inongo estatu aparatoen ez etena ez erantzunkizunen garbiketa, krisi ekonomiko latzak sortutako langile gatazkak puri purian zeudela PSOEk sinatutako "Moncloako hitzarmena" langileria soldata igoerarik gabe utziz inflazioa ia ehuneko hogeita hamarrera iritsi zen urtean, 1978ko abuztuan Legeri Antiterroristaren alde PSOEko diputatuek emandako bozka, Euskal Herrian ezarritako behin behineko salbuespen egoeraren babesa, zenbait manifestazioen debekua edo alderdien jazarpenaren (oraindik batzuk legeztatu gabe zeuden) aurreko ixiltasuna, eta esandakoarekin batera publikoki aitortzen zuten PSOEk hitzartutako epe konstituziogilea ez zela garatzen ari berme demokratiko guztiekin.

      Herritarren susmo kolektiboak PSOEren iharduera eta oinarrizko irizpide ezkertiar edo antifrankista hutsen artean atzeman zitzakeen lehen mailako silogismo kontraesanak koipeztatzeko "Estatu erantzunkizuna" ideiaren babesle sutsuenak bihurtuko dira buruzagi sozialistak. "Estatu erantzunkizuna" erregimen frankistaren oinordekoekiko norabide bitan mesedegarri eta esanguratsuan: eskaera demokratikoen inguruko otzankeria arrazoitzeko eta etenik gabeko bilakaera babesteko. Trantze horretan "hausturaren unearen" aldaketaren zioak eztabaida publikoan sinesgarritasunez iharduteko ezker hegala nerabe samar uzten zuelakoan edo, buruzagi sozialistek azalpen sasimarxista egokitu zioten "Estatu erantzunkizunari", ustez agerikoak ziren kontraesanak epe marxistak, taktika ezkertiarrak eta arrazoi arrazoinalen menpean jartzeko. Lana du gero tamainako erronkak, baina PSOEko buruek ez ziren uzkurtu. Irrati, telebista, aldizkari, egunkari eta aukera zuten bakoitzean errepikatzen zituzten diskurtsoaren aldagai desberdinak: haustura konstituzioaren ondorio, lehenengoa egongortasuna, arriskurik ez, eta, gainera, egitasmo sozialista eraiki ahal izateko ezinbestekoa zela lehenengo ekoizpen bitartekoak garatu eta modernizatzea gero..... sozialismoa, baina indar eskuindarren atzerakoikeriaren eraginez burgeseriak bere "betekizun historikoa" (ekoizpen indarren garapena alegia) gauzatzea erdietsi ez zuelako sozialistei zegokien bere gain hartzea burgeseriaren fase historikoa azkartzearen erantzunkizuna, gero sozialismoa eraiki nahi bazuten behintzat. Halabeharrezkoa beraz, zientzia ekonomiko-marxista-historizista bezain arrazoiketa zehatza. PSOEk halaxe babesten zituen krisi sakonean murgildutako kapitalismoak eskatu neurri gordinen aldeko bultzadak.

      Epe konstituziogilean zehar PSOEko buruzagiek garatutako diskurso politikoan "estatu hitzarmenaren" kontraesanen aipamen zuzenak agertzen badira ere, behin konstituzioa onartu eta 1979ko udaberrian hauteskundeetan PSOEk aurreikusitako kalkuloak betetzen ez direlako (98) sortzen den krisiaren haritik buruzagi sozialisten hitzetan autokritika zantzuak atzematen dira, beharbada malguegi jokatu dutela onartuz, inboluzio arriskuaren txantaia salatuz, langileek burututako ahalegin desorekatua mahaigaineratuz edo desmobilizazio estrategiaren ordain ezkorra azpimarratuz. Esan bai, baina zuzendu ez, aurreko lepotik buru lerro politiko bera jorratu eta trinkotuko baitute. Edonola ere, zertzelada hauekin batera finkatzen da estatuaren lurralde antolaketa konstituzionala.


      5-a. "Batasun zatiezinaren" aurrebaldintza faktikoaren oinordeko ideologi sozialista. Autonomia, herrien burujabetzaren uko konstituzionala

      Aurkibidea Etxera